presentacion

Aurkezpena III. geoEuskadi Kongresua & JIIDE 2024ren XV

Aurten, CODIIGEren bidez, Datu Espazialen Azpiegituren Iberiar Jardunaldiak (JIIDE) eta III. geoEuskadi Kongresua batera egingo dira. Jardunaldi hauen xedea informazio geografikoarekin lotutako jarduerak sektore guztietan aprobetxatzea, bultzatzea eta sustatzea da, bai datu geografikoen argitalpen edo eskuragarritasun normalizatuarekin lotutako gaiak, baita ekoizpenarekin, prozesamenduarekin eta ustiapenarekin lotutakoak ere.

Jardunaldiak Portugalgo Direção-Geral do Território-ren, Espainiako Institutu Geografiko Nazionalaren - Centro Nacional de Información Geográfica delako erakunde autonomoaren bitartez -, eta Govern d'Andorra-ren arteko lankidetzaren emaitza dira. Bestalde, geoEuskadi Kongresua Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzaren ardura da. Aurten, aipatutako erakunde guztiek bat egingo dute, espazio eta denbora berean egingo den ekitaldi batean, lankidetzan jarduteko. Administrazioan, enpresetan zein unibertsitateetan, informazio geografikoaren sektore guztietan ari diren aditu, teknikari eta espezialista handienak erakarri eta bildu nahi dira.

Ekitaldi bateratu hau ondoko gaiaren ingurukoa izango da: datuak eskuratzeko eta berrerabiltzeko joera teknologiko berriak eta Lurra behatzeko eta errepresentatzeko egungo teknikak.

Oraingo honetan aukeratutako leloa hau da:

"Datu geoespazialaren balioa"

Datu geoespazial digitalak hazkunde ekonomikoaren, lehiakortasunaren, berrikuntzaren, enplegu-sorkuntzaren eta aurrerapen sozialaren faktore garrantzitsua dira. Horregatik, ekitaldi honen ikuspuntu nagusitzat Big Data edo Adimen Artifiziala bezalako teknologia berrien aprobetxamendua proposatzen da, teknologia horien bidez, ideiak lortzeko eta negozio-erabaki hobeak hartu ahal izateko, edo normalean giza interakzioa eskatzen duten zereginak egin ditzaketen sistemak sortzeko.

Bestalde, administrazio eta erakunde desberdinek datuak elkarrekin produzitzeko eta harmonizatzeko ahaleginak batzea oinarrizko zutabeetako bat da oraindik ere, baliozko datu geoespazialak izateko, benetako erreferentzia-informazio bilakatuko direnak. INSPIRE Zuzentarauaren bidez egiten ari den ebaluazioak, ingurumeneko datu espazialen inguruko eta ingurumen-informaziorako sarbideari buruzko arauen eguneratzeak (GreenData4All) eta datu irekiei edo datuaren gobernantzari buruzko xedapenei buruzko erregulazioek berrikuntza-garai bat ekarri digute. Datu geoespazialak argitaratzeko eta berrerabiltzeko modernizazioa eta berregokitzea eragingo dute.

Nabarmendu behar da Balio Handiko Datu Multzo gisa sailkatutako datu geoespazialak «datu irekiak» mugimenduaren parte direla. Mugimendu horren helburua da Administrazio Publikoak bildu, ekoitzi eta mantentzen duen informazio zabala besteren eskura jartzea. Datu horiek berrerabiltzeak onura dakarkie gizarteko hainbat kolektibo eta sektoreri, eta eraldaketa digitalari lotutako garapen ekonomikoari laguntzen dio. Esate baterako, datu estatistikoak, ingurumenekoak, turistikoak, eta abar tratatzeak eta integratzeak balio erantsia sortzea ahalbidetzen dute.

Ekitaldi horretan, balio handiko datu-multzoen berrerabilpenaren adibideak ere erakutsiko dira, bai OGC APIen bidez, bai gaur egungo deskarga-zerbitzuen eta formatu elkarreragileen bidez.

Ekitaldi horiek batzea espazio pribilegiatua izango da informazio geografikoa bultzatzeko eta hausnartzeko, eta Iberiar penintsulako proiektu berrienen eta berritzaileenen erakusleiho izango da; halaber, esperientziak trukatuko dira, gai zehatzei buruzko ezagutzak partekatzea helburu duten tailer teknikoen eta eztabaida sustatu nahi duten mahai-inguruen bidez.

Aurten, Datu Espazialen Azpiegituren Iberiar Jardunaldiak (JIIDE) eta GeoEuskadi Kongresua Gasteizen egingo dira, aurrez aurreko modalitatean, azaroaren 13tik 15era, eta, urtero bezala, parte-hartzea doakoa izango da. Aldez aurretik saio, mahai-inguru edo tailer bakoitzean erregistratu beharko da. Jardunaldiak modalitate birtualean ere jarraitu ahal izango dira.

pie-banners

geoEuskadi
Gobierno Vasco
IDEE
Govern d'Andorra
DG de Territorio Portugal